Laburrean
- Erlaitzako bidea (RD912) hetsia izanen da maiatzaren 21eko goizeko 10:00tatik (asteartea), ekainaren 7ko eguerdiko 12:00ak arte (ostirala).
- Garraiobide guzientzat hetsia izanen da (autoak, garraio publikoak, bi errotako motordun ibilgailuak, bizikletak, oinezkoak eta kamioiak). Aldiz, tokiko biztanleentzat eta jarduera ekonomikoetarako behar dutenentzat sarbidea mantenduko da.
- Aterabide alternatiboak denentzat: garraio publikoan edo autoz
Egunero 9 000 eta 16 000 auto artean pasatzen da batez beste Erlaitzeko bidetik, sasoiaren arabera. Baina bide horrek kostako higaduraren ondorio garrantzitsuak ditu, 2021ean gertatu luiziak erakutsi zuen bezala. Segurtasuna hobetzeko xedearekin, erlaitza kudeatzen duten instituzio partaideek (Frantziar Estatua, Pirinio Atlantikoetako Departamendua, Euskal Hirigune Elkargoa eta bere Garraio sindikatua eta Biriatu, Ziburu, Hendaia, Donibane Lohizune eta Urruñako Herriko etxeak) 10 urteko eperako ekintza plan bat finkatu dute.
Hala ere, ekintza plana osoki obratzen hasi aitzin, partaideek erabaki dute esperimentazio gisa erlaitzeko bidea epe finko batean hestea, horrek lituzkeen eraginak neurtzeko gisan.
Zenbaketa guneak ezarri dira (hirurogei inguru bost herrien eremuan) esperimentazioa aitzin eta ondotik herriko eta departamenduko beste bide nagusietan nolako zirkulazio baldintzak diren ikusteko gisan.
Horrez gain, esperimentazioak irauten duen bitartean, herritarrek, ikasleek eta familiek edota eragile ekonomiko eta sozialek aukera izanen dute egunerokoan izan dituzten zailtasunak beren herriko etxeei jakinarazteko.
17 egun horiek beharrezkoak dira baldintza berrietan auto-gidarien erreakzioak neurtzeko eta aztertzeko. Izan ere, zirkulazio irizpide berrietara egokitzeko denbora bat behar izaten da.
Hetsiera garraiobide guzientzat izanen da, baita bi errotako motordun ibilgailuentzat, bizikletentzat eta oinezkoentzat ere. Tokiko biztanleak eta jarduera ekonomikoari loturiko bisitariak pasatzen ahalko dira, baita sokorri zerbitzuak ere. Bestalde, Juantcho kanpalekurako sarbidea mantenduko da, Zokoatik, D912 bidetik pasatuz.
Eta esperimentazio honen ondotik, zer?
Esperimentazioaren ondotik, partaideek ebaluaketa txosten bat landuko eta partekatuko dute. Txosten horretan ateratzen diren ondorioen arabera, Itsasertzaren legearekiko salbuespen eskaera bat egiten ahalko da, D912 bidea pixka bat gibeleratzeko, modu puntual eta moderatuan, edo arrisku handieneko guneetan beste egokitzapen neurri batzu hartzeko. Horrek bide nagusi hori hamar urteko epe batean mantentzea ahalbidetuko luke, ekintza planaren obratzeko aitzin ikusia den epean, hain zuzen ere.
Garraio alternatibak
Kontseilatzen da garraio publikoa baliatzea :TER eta TXIK TXAK
- Akitania Berriko TER 51 linea, Akize-Baiona-Hendaia
- TXIK TXAK sareko 3, 31 eta 39 lineak
- TER 51 Akize-Baiona-Hendaia linean 15 tren ibiltzen dira egunean (asteko egunetan) eta zentzu bakoitzean. Donibane Lohizune, Bikiak eta Hendaia geltokietan gelditzen da. Donibane Lohizune / Ziburu geltokitik Hendaiako bikien geltokirako bidaiak 8-9 minutu irauten du eta Hendaiako geltokirako bidaiak 12-14 minutu.
- Hetsiera esperimental honetan, TXIK TXAK sarea ere egokituko da. 3. lineak Baiona eta Hendaia lotzen ditu Ziburutik eta Urruñatik pasatuz, eta ohiko ibilbidea izanen du (D810) egunean eta zentzu bakoitzean 17 autobusekin (asteko egunetan). Irundik heldu den 31. linearen kasuan, Hendaiako Haicabia geltokiraino luzatuko da. Ziburuko herriko etxetik heldu den 39. linearen kasuan, ibilbidea mantendua da Urruñako “Juantcho kanpalekua” geltokiraino.
Autoz, auto partekatzea eta autopista hobestea kontseilatzen dugu: A63 et AP-8
- A63 autopistarako sarbideak: Hendaia / Biriatu, Donibane Lohizune hegoaldea / Hendaiako hondartza / Urruña / Ziburu edo Donibane Lohizune iparraldea / Azkaine / Getaria.
- AP-8 autopistarako sarbidea, Hego Euskal Herrirako : Irun
- Autopistaz gain, kontseilatzen da departamenduko errepide sarea baliatzea eta herriko bideak saihestea : D810, D811 (Behobiako bidea Hendaian), D658 (Hormategiko karrika Hendaian), D358 (Enperadore hiribidea Hendaian).
- Auto partekatzea urririk da Ipar Euskal Herrian, edozein izanik baliatzen den plataforma (Euskal Hirigune Elkargoko mugikortasun sindikatuak hartzen du bere gain). Informazio gehiago eta bidaiak erreserbatzeko: TXIK TXAK aplikazioa edo webgunea.
- Mugikortasun sindikatuak kofinantzatzen duen Rocade 50
txartelak autopistan % 50eko beherapena ukateko aukera ematen du, bakoitzak
hautatu ibilbidean.
Higaduraren ondorioei buruzko informazioa :
Euskal Hirigune Elkargoak sortu duen “Euskal kostaldea, mugitzen den itsasbazterra” erakusketa ikusgai izanen da elkargoaren Urruñako egoitzako harreran maiatzaren 15etik ekainaren 14ra.